
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Eraikuntza Zerbitzuko Baliabide Materialen Zuzendaritzak, aurretiko lehiaketa-fase baten ondoren, Portugaleteko Antonio Trueba HIIko joko-pistarako estalkiaren proiektua idaztea eta gauzatzea enkargatu zuen.
Enkarguak komunak egokitzea eta igogailu irisgarri bat instalatzea ere barne hartzen ditu, ikastetxearen irisgarritasuna bermatzeko.
Gauzatutako irtenbidea lau portikoz osatutako metalezko egitura da. Portikoak lehendik dagoen itxitura-hormaren lerrokaduraren gainean bermatzen dira, eta eraikinaren zutabe-egiturarekiko paraleloan antolatzen dira, fatxadari atxikita.
Portikoen gainean, estalkiari eusten dion habe sekundarioen bilbe bat antolatzen da. Estalkia bi geruzaz osatuta dago: goiko geruza polikarbonato trinko autoeramailezkoa da, euri-uraren bilketa antolatu eta euri-tanten inpaktuak sortutako zarata murrizteko; beheko akabera-geruza, berriz, laua eta zelula anitzeko polikarbonatozkoa da, baloien kolpeei aurre egiteko gai dena.
Polikarbonatoaren ezaugarriek argi naturala joko-pistara iristea bermatzen dute, eta, aldi berean, ikastetxeko beheko solairuan kokatutako gelen argiztapen egokia ahalbidetzen dute.
Estalkiaren perimetroa egiturak berak definitzen du, eta ikastetxearen irudia oinezkoaren ikuspegitik berritzen laguntzen duen elementu bereizgarri bat txertatzen du.












